XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Hain goizik zergatik hil nahi duzuen jakin al daiteke?, galdetu zuen.

- Berak badaki zergatik - erantzun zuen Pedro Vicario-k.

Clotilde Armenta-k sakon miatu zituen.

Hain ongi ezagutzen zituen eta biak ederki berexten zituen, Pedro Vicario koarteletik itzuli ondotik bereziki.

Ume itxura zuten biek, esan zidan.

Gogoeta horrek ikara sartu zion, beti pentsatu zuen eta umeak bakarrik direla edozer gauza egiteko prest diren bakarrak.

Horiek horrela esne ontzien prestaketa lana buka eta senarra esnatzera joan zen, dendan gertatzen ari zenaz berri ematera.

Rogelio de la Flor jaunak erdilotan entzun zion.

- Ez zaitez txolina izan - esan zion -, horiek ez dute inor hilko, are gutxiago aberatsik.

Clotilde Armenta dendara itzuli zenean, alkatearentzako esne bila zihoan Leandro Pornoy agentearekin hizketan ari ziren bikiak.